aramako udala

Arama historian zehar

  1. Ordiziaren menpeko 'kolazio'

    Historiari dagokionez, Aramari buruzko lehen aipamen historikoak XIV. mende bukaerakoak dira, eta Ordiziako hiribilduarekin zerikusia dute. 1399. urtean Aramako herriguneak, Ordiziarekin bat egiten du. Atxikitze agiria Gaztelako Enrique III.ak egiaztatu zuen 1402an, eta Errege Katolikoek 1492an.

    Ordiziako hiribildura elkartzen da, besteak beste, jauntxoen basakerietatik babesteko. Herrisketako biztanleek garai hartan bizi zuten defentsa gabeziaren aurrean, logikoa izan zen beren segurtasuna hiribildu baten ardurapean jartzea, honek, baliabide gehiago bait zuen horretarako. Honela, 1399. urtean, Arama, beste Goierriko herriska batzurekin batera (Altzaga, Ataun, Beasain,Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia), Ordiziaren menpeko kolazio izatera pasa zen. Aramak bere lurraldetasuna eta mendien jabetza mantendu zituen.

    1.399. urteko eskrituran, honako bizilagunen aipamena egiten da: Martin Ibañez de Arama, Lope Ibañez de Arama, Martin Lopez de Arama eta Joan de Arama.

  2. Hiribildugoaren lorpena

    Ezengonkortasun aldia igarota, hiribilduarekin izandako iskanbilen ondorioz, Arama Ordiziatik aldentzen hasi zen. 1615eko otsailaren 13an, Erret Ogasunaren kutxek zuten egoera zailaz baliatuz, hiribildu titulua bereganatzen du, 5.445 erreal ordainduz.

    Gainera esan beharra dago, Aramaz gainera, hiribildu titulua honako herri hauek ere lortu zutela: Altzaga, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, eta Zaldibiak.

    Dena dela, herria txikia izanik, administrazioa guztiz autonomoa zuelarik,Oria Ibaiaren Elkartea osatzen du alboko beste herri batzuekin (Altzaga, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia). Elkarte honek sei hiribilduak legezko ahaldun bakar baten bidez ordezkatzen zituen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

    1682an berriro atxiki zitzaion Ordiziari, onura handiagoak eskuratu asmoz. Azkenik, 1768an, Ordiziarekin hainbat haserre izan ondoren, Arama berriro Oria Ibaiaren Elkartera itzuli zen, bertako parrokiak, Aramako San Martinek, jarraitu zuelarik bilera-egoitza izaten. Elkartea 1845an desegin zen. Ordutik gaurdaino Arama udalerri independiente izan da.

  3. Hemeretzigarren mendeko krisialdiak

    1. Independentzia Gerra (1808-1814): udal ondasunen salmenta

      XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasiera bitartean, Gipuzkoan burutu ziren udal salmentarik ia gehienak, 1808tik 1814 bitarteko aldian gauzatu ziren. Urte hauetan udalek beraien ondasunetara jo behar izan zuten Napoleonen gerrak sortutako gastuei aurre egin ahal izateko.

      Gastu horiek udal diru ahalmenak gainditzen zituzten, eta, udal gehienentzat, ondasun salmenta izan zen gerrarako dirua lortzeko biderik nagusiena. Horrela, 1808ko Gipuzkoako Batzar Nagusietan udalei baimena eman zitzaien udalaren ondasunak saltzera jo zezaten, baina salmenta horiekin lortzen zen dirua gerra finantzatzeko izan behar zen.

      Aramako udalerria urte horietan udal ondasunik gabe gelditu zen. Frantses tropek bizirauteko gobernuak ezarritako kontribuzioak ordaintzeko, hiribildu honek berezko lurrak eta ondazilegi eran gozatzen ziren lursailak saldu zituen. Erosleak: Iturriotz, Etxeberria, Aiestabeltza eta Ibares etxeetako jabea, Villafuerteseko Kondea, Iriarte eta Aiestazuri etxeetako jabea, Jauregi etxeko jabea, Mendizabal etxeko jabea eta Agerre etxeko jabea.

      “D. Evaristo de Echagüe, tesorero honorario del exército y principal de la provincia de Guipúzcoa. Recibí de la villa de Arama por manos de su señor alcalde Jauregui la cantidad de seiscientos treinta reales de vellón”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1811-01-21)

      “Desde la Guerra de la Independencia que le enajenaron todos los propios de esta villa, no tiene ningún producto”. (Iturria: Gipuzkoako Agiritegi Historikoa, Arama, 1844)

      Udal ondasunen salmentak, udal haziendentzako kalte handiak ekartzeaz gain, gizarte sail handi baten egoera okertzen lagundu zuen (herri lurren pribatizazioa, presio fiskala gehitzea,...). Egoera honek, XIX. mendearen lehen herenean zehar, Gipuzkoako nekazari kopuru handi bat geroz eta jarrera antiliberalagoak hartzera bultzatu zuen.

    2. Karlistadak

      Karlismoa izan da Euskal Herriko historia garaikideko mugimendu politiko nagusienetakoa, bete-betean errotu baitzen herritarren artean. Indar handiz hedatu zen eta luzaroan iraun du gainera bizirik. Herri xehean sustraitu zen batik bat, baina eliteari esker zabaldu zen, garai hartako egoera ekonomiko latzak herritarrengan eragindako egonezina ezin hobeto bideratzen jakin zuen elite bati esker, hain zuzen. Karlistek liberalismoa pentsamolde ateoa eta elizaren eta foruen kontrakoa zela esaten zuten.

      Lehen Karlistada 1833an hasi zen eta zazpi urte iraun zuen. Karlistek ia Hego Euskal Herri osoa hartu zuten, tartean Arama, hiri handiak izan ezik, horiek liberalen menpe baitzeuden. Bergarako Besarkada edo Hitzarmenak eman zion amaiera Lehen Karlistadari, 1839ko abuztuaren 31n.

      Ez dakigu nolako jarrera erakutsi zuten Aramako udal agintariek eta herritarrak gerraren aurrean, aztertu ditugun iturrietan ez baita inolako argibide edo aipamenik azaltzen. Dena den gure uste apalean, gehienak karlismoaren jarraitzaileak izango ziren.

      Erretorea bai, hau badirudi karlista porrokatua zela:

      “Subdelegación Vigilancia Pública: Bozué. Informe sobre eclesiásticos de Arama. Que Don Martín Antonio Zurutuza Pro Rector y Don José Francisco de Echaveguren, diácono, únicos clérigos de dicha iglesia, gozan de buen concepto en cuanto a su conducta moral y política. Que dicho diácono ganó los cursos de Filosofía, y el dicho rector, si bien yo debo juzgar que tiene la instrucción necesaria para su ministerio es de los más cortos del País especialmente con la latinidad. Que ambos y especialmente el dicho rector ha prestado el servicio del buen ejemplo con su decisión por la justa causa; y tampoco hay inconveniente que yo sepa, para que continuen con los respectivos destinos que ocupan”. (Iturria: Gipuzkoako Agiritegi Historikoa, Arama,1838-10-22)

      1868ko iraileko iraultzak, Isabel II.a erregina tronutik kendu eta historiako lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren. 25 urtetik gorako gizaseme guztiei botorako eskubidea onartu zitzaien. Hego Euskal Herriko emakumeak eskubide politikorik gabeko herritarrak izaten jarraitu zuten. Emakumearen bizimodua arlo pribatura mugatzen zen erabat.

      1872ko apirilean Bigarren Karlistada hasi zen. Gerra 1876an bukatu zen.

  4. XX.mendea

    Bigarren Karlistadan ere porrot egin eta galdu ondoren, karlisten korronte nagusiak 1890. urtearen inguruan beste bide bati ekin zion, hau da, Cerralboko markesa buru zuela, berrantolaketa zibilari eta lege bidezko borrokari ekin zion. Ondorioz, karlismoa doktrina tradizionalistari gero eta gehiago hurbildu zitzaion eta azkenean, Alderdi Tradizionalista sortu zuten 1919an. Korronte ideologiko-politiko hori berehala hedatu zen Araman, eta indar handiz gainera: hamarkadetan udalbatzetan gehiengoa lortu bait zuten.

    “Alcalde a Gobernador Civil. Tengo honor de comunicar a U. E. que el día 5 fueron proclamados seis Concejales Tradicionalistas por el artículo 29”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1931ko apirila)

    “Alcalde de Arama a Gobernador Civil. Complázcome significar a U.E. que los seis concejales que se compone el ayuntaminento son tradicionalistas así como también la mayoría de la Villa”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1934-08-4)

    1931ko apirilaren 14an, Espainian II. Errepublika aldarrikatu zen. Egun berean, Getxoko alkate nazionalistak, Jose Antonio Agirrek, Euskal Errepublika aldarrikatu zuen.

    Jose Antonio Agirrek berak zuzendu zuen autonomia lortzeko eratu zen udalen mugimendua. EAJ-PNVko alkateek ezezik, eskuindar katolikoek eta karlistek ere udalen mugimenduan parte hartu zuten. Aramako Udalak ere bai.

    “ Y por último se acordó comunicar al Señor Gobernador Civil de la República de Guipúzcoa la toma de posesión y adheriéndose al régimen establecido ofrecer la sincera cooperación, solicitando lo siguiente. Que en este momento histórico en que ha desaparecido el régimen destructor de nuestra libertad política como nación, ante el hecho de la nueva estructuración del Estado Español, este Ayuntamineto, después de afirmar los derechos naturales e históricos que como tal nación le corresponden a Euskalerria, reclama como primer acto de autoderterminación del País Vasco la proclamación de la República Vasca al igual que nuestros abuelos disfrutaron, confederada con las demás Repúblicas Ibéricas. A tal fin, significa su enérgico apoyo hacia quienes en tierra vasca pugnan por el cumplimieto de cuanto en este orden se estableció en el solemne pacto de Donostia, y acuerdan que este acuerdo se trasmita inmediatamente al Presidente del Gobierno Provisional de la República”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1931-04-16)

inprimatzeko bertsioa