Ezaugarriak

Aramako hiriguneaOria eta Zaldibia edo Amondarain ibaien eskuineko ertzean kokatzen da Aramako herria, goierriko bihotzean. 1,3 m2ko azalerarekin, Gipuzkoako udalerririk txikiena da, eta populazioari dagokionez txikienetakoa ere, 160 bizilagunekin. Bere kalea zalaigune txiki batean kokatua dago, 169 metroko altueran.

Aramako udal mugartearen lurrak goi-cenomaniense/coniacense garaiko lurretan kokatuta daude, Gipuzkoako zona honetan bereizgarria den eta Angiozar-Olaberria failaren Iparraldean oso hedatuta dagoen flysch faziesa eratuz. Fazies hau, 1.500 metrotik gorako potentzia duena, eskisto-itxurako marga eta margokararriz osatuta dago, eta hauen artean kararri eta kararri hareatsuko maila desberdinak tartekatzen dira. Aramara sartzeko errepidearen ezpondetan flysch-aren estratifikazio bereizgarria ikus daiteke.

Flysch-ean sortzen den erliebeaHerri honetako lurraldea benetan txikia izan arren, tokiko erliebearen norabideren bat ikus daiteke, esate baterako Oria ibaiaren egungo bidearen gainean altxata dagoen zelaigune bat, beharbada aintzinako erliebe motaren bati dagokiona. Zelaigune honetan daude kokatuta, hain zuzen, hirigunea eta baserri gehienak. Azaleraren labanketako fenomeno txikiak ere ikus daitezke.

Zonarik baxuenetan, Oria eta Zaldibia ibaien ertzetan, flysch-a estaltzen duten aro kuaternarioko depositu alubialen banda bat dago. Depositu hauek potentzia aldakorra dute, baina zaila da 10 metroko lodiera gainditzea, eta legarrez eta harearri heterogeneoez osatuta daude. Material hauen gainean, ibaiaren ibilguak meandro bihurgunetsuak marrazten ditu. Zaldibia ibaiarenak duela urte gutxi desagertu ziren N-1 autobiaren eraikuntzaren ondorioz. Oria ibaiak, bestalde, bere ibilgua lur hauen gainean bitan adarkatzen du uharte bat sortuz. Uharte honen izena Oñarte da, eta oso-osorik Aramako udal mugartean kokatuta dago.

BasabeltzaHidrologiaren ikuspuntutik, Aramak bi ibai garrantzitsu ditu: Zaldibia edo Amundarain eta Oria edo Errekaundi, eta hauek udalerriaren zonarik baxuenean eta bazter batean kokatuta daude. Bi ibaiek udalaren muga eratzen dute. Hauez gain, Aramako lurraldea zeharkatzen duten beste erreka daude: Artzabaltza errekak, 2km2-ko arroarekin, Altzaga-mendiko hegaletako urak biltzen ditu eta, Aramako hiriguneko iparraldetik igaro ondoren, Oria ibaian isurtzen du. Artzabaltza errekak bi ibaiadar txikien urak jasotzen ditu: Legartegierreka, Gaintzarekin muga duena eta Basabeltzeko erreka. Hauetaz gain, hiriguneko hegoaldetik doan Zaldierreka errekastoa eta Amundarainen ibaidarrak diren Loitzagako erreka eta Muñoetaerreka aipatzekoak dira.

Landarediari dagokionez, bi area defini daitezke: gizakia iraunkorki bizi deneko zonetan, hau da, baserria kokatuta dagoen zonetan, belardiak eta labore atlantiarrak daude, zenbaitetan harizti eta baso misto atlantiar txikiekin tartekatzen direnak. Hegoaldeko eta goikaldeko alderdietan, jende gutxiago bizi diren eremuetan, hartiza (Quercus robur), pinua (Pinus radiata) eta beste koniferen sail landatuak nagusitzen dira.

Zaldunbide. Orain gutxi arte, Ordiziatik Aramara ailegatzeko bide nagusiaAramaren berri ematen duen lehen dokumentua 1399. urtekoa da, Ordiziarekin bat egin zuen urtekoa. Beste herri askok bezala, Koroari zegozkion eskubideak ordaindu ondoren 1615. urtean lortu zuen hiri titulua. Urte horretan Altzaga, Gaintza, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibiarekin batera Oria Ibaiaren Batasuna (Unión del Río Oria) eratu zuen. 1682. urtean, Aramak Batasuna utzi eta Ordiziaren tutoretza eta babesera bihurtu zen. XIX. mendean, berriz, aipatutako Batasunera itzuli zen, bere 1845. urteko desegitea baino urte batzuk lehenago, eta ordutik aurrera udalerri independiente gisa jarraitu du. Demografiari dagokionez, gaur egun bere 160 biztanleak adin-taldetan eskualdearen gainontzekoaren antzeko moduan banatuta daude, baina adin-talderik altuenen gehikuntza nabarmena ikus daiteke, adin-talderik baxuenen kalterako, hau da, landako udalerri txikietan komunak diren ezaugarriak dituen egitura demografikoa du: populazioaren zahartzea gertakari nagusi gisa, jaiotza-tasaren beherapena eta segmenturik gazteenen emigrazioa.

Hala eta guztiz ere, Araman azpimarragarria da azken hamarkadetan egon den beherapen demografiko txikia, antzeko udalerrietan gertatu den bezala. Horren zergatia Arama eskualdeko hiri-zentroetatik oso hurbil dagoela da, eta horrek biztanleei bertan lan egin eta Araman bizitzen jarraitzeko aukera eman die. Bestalde, biztanleria eliza, udaletxea eta beste eraikinen batek osatzen duten hirigune txiki batean kontzentratuta dago. Populazioaren gainontzekoa baserrietakoa da, udalerrian zehar sakabanatuta dagoena.

IndustriaguneaEkonomi iharduerak tamaina txikiko landako udalerri baten ezaugarriak betetzen ditu: okupatuta dagoen populazioa industria, zerbitzuak eta nekazaritzan banatuta dago, ordena horri jarraiki. Nekazaritza-azalera erabilgarria udalerriaren %42 da, eskualdearen batezbestekoa baino %9 handiagoa eta lurra lantzen duen populazioarena baino %18 handiagoa. Hala ere aipatu beharra dago, populatzearen ezaugarriak kontutan izanik, egun-zatirako nekazaritzaren fenomenoak Aramako familien gehiengoa ukitzen duela.

1858. urtean paper-fabrika bat ezarri bazen ere, industri establezimendu hau itxi egin zen, eta duela gutxi arte ez da horrelako besterik egon. Hori hala izanik ere, populazio aktiboaren gehiengoak sektore honetan egiten du lan, horretarako inguruko fabrika-guneetara bertaratuz (Ordizia eta Beasain batez ere).

Iriarte baserriaOndareari buruz, aipagarria da San Martin parroki-eliza, berriztatze asko jasan zituen ermita baten gainean eraikia. Hirigunean bertan Apaizetxea eta Iriarte baserria daude. Hirigunetik kanpo, Iturriotz baserria, arkitektura tradizionaleko eredu adierazgarria, eta Mendizabal baserria, Ama Birjinaren XIV. mendeko taila bat gorde izan duena, dira eraikinik azpimarragarrienak.

Oria ibaiaren ertzean Ibaresko errota dago oraindik, tradizionalki Errege Bidetik (gero 1-Nazionala errepidea izan zena) Aramarako sarrera izan zen izen bereko zubitik oso hurbil. Ibarestik gora beste errota bat bazegoen, argindar zentrala izandakoa ere, baina bere aurriak desagertu ziren autobia eraiki zenean.

Azkenik, Alkarteko zubia aipatu behar da. Arama eta Ordizia lotzen zuen bide nagusia zubi garrantzitsu honetatik igarotzen zen. Modu berean, Altzaga, Gaintza eta Baliarraingo bideak hemendik hartzen ziren.