Ibilbideak
Hedaduraz Gipuzkoako Udalerririk txikiena bada ere, herri independientea da Arama. Goierri eskualdean kokatua dago Arama. Bere lurrak Arriguntzagaña mendi-hegaletan zehar zabaltzen da. Ondoko herri hauek ditu mugakide: iparraldean itsasondo, ekialdean Altzaga, hegoaldean Zaldibia eta mendebaldean Ordizia.
Aramaren azalera 1,3 kilometro karratutakoa da, berau 165 metrotako altueran kokatuta dagoelarik.
Udalerrira iristeko biderik errezena N-1 errepidea Ordizia parean utzi eta Aramara eramango gaituen GI 3871 errepidea hartzea da.
Bertako klima epela eta hezea da, tenperatura epelak eta prezipitazioak ugariak direlarik. Bertako lurra orokorrean karetsua da eta gorabehera haundikoa.
Udalerriaren mapa hainbat formatotan eskuratu dezakezue beherago ageri diren estekatatik.
Ordiziaren menpeko 'kolazio'
Historiari dagokionez, Aramari buruzko lehen aipamen historikoak XIV. mende bukaerakoak dira, eta Ordiziako hiribilduarekin zerikusia dute. 1399. urtean Aramako herriguneak, Ordiziarekin bat egiten du. Atxikitze agiria Gaztelako Enrique III.ak egiaztatu zuen 1402an, eta Errege Katolikoek 1492an.
Ordiziako hiribildura elkartzen da, besteak beste, jauntxoen basakerietatik babesteko. Herrisketako biztanleek garai hartan bizi zuten defentsa gabeziaren aurrean, logikoa izan zen beren segurtasuna hiribildu baten ardurapean jartzea, honek, baliabide gehiago bait zuen horretarako. Honela, 1399. urtean, Arama, beste Goierriko herriska batzurekin batera (Altzaga, Ataun, Beasain,Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Zaldibia), Ordiziaren menpeko kolazio izatera pasa zen. Aramak bere lurraldetasuna eta mendien jabetza mantendu zituen.
1.399. urteko eskrituran, honako bizilagunen aipamena egiten da: Martin Ibañez de Arama, Lope Ibañez de Arama, Martin Lopez de Arama eta Joan de Arama.
Hiribildugoaren lorpena
Ezengonkortasun aldia igarota, hiribilduarekin izandako iskanbilen ondorioz, Arama Ordiziatik aldentzen hasi zen. 1615eko otsailaren 13an, Erret Ogasunaren kutxek zuten egoera zailaz baliatuz, hiribildu titulua bereganatzen du, 5.445 erreal ordainduz.
Gainera esan beharra dago, Aramaz gainera, hiribildu titulua honako herri hauek ere lortu zutela: Altzaga, Ataun, Beasain, Gaintza, Itsasondo, Legorreta, eta Zaldibiak.
Dena dela, herria txikia izanik, administrazioa guztiz autonomoa zuelarik,Oria Ibaiaren Elkartea osatzen du alboko beste herri batzuekin (Altzaga, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibia). Elkarte honek sei hiribilduak legezko ahaldun bakar baten bidez ordezkatzen zituen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
1682an berriro atxiki zitzaion Ordiziari, onura handiagoak eskuratu asmoz. Azkenik, 1768an, Ordiziarekin hainbat haserre izan ondoren, Arama berriro Oria Ibaiaren Elkartera itzuli zen, bertako parrokiak, Aramako San Martinek, jarraitu zuelarik bilera-egoitza izaten. Elkartea 1845an desegin zen. Ordutik gaurdaino Arama udalerri independiente izan da.
Hemeretzigarren mendeko krisialdiak
Independentzia Gerra (1808-1814): udal ondasunen salmenta
XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasiera bitartean, Gipuzkoan burutu ziren udal salmentarik ia gehienak, 1808tik 1814 bitarteko aldian gauzatu ziren. Urte hauetan udalek beraien ondasunetara jo behar izan zuten Napoleonen gerrak sortutako gastuei aurre egin ahal izateko.
Gastu horiek udal diru ahalmenak gainditzen zituzten, eta, udal gehienentzat, ondasun salmenta izan zen gerrarako dirua lortzeko biderik nagusiena. Horrela, 1808ko Gipuzkoako Batzar Nagusietan udalei baimena eman zitzaien udalaren ondasunak saltzera jo zezaten, baina salmenta horiekin lortzen zen dirua gerra finantzatzeko izan behar zen.
Aramako udalerria urte horietan udal ondasunik gabe gelditu zen. Frantses tropek bizirauteko gobernuak ezarritako kontribuzioak ordaintzeko, hiribildu honek berezko lurrak eta ondazilegi eran gozatzen ziren lursailak saldu zituen. Erosleak: Iturriotz, Etxeberria, Aiestabeltza eta Ibares etxeetako jabea, Villafuerteseko Kondea, Iriarte eta Aiestazuri etxeetako jabea, Jauregi etxeko jabea, Mendizabal etxeko jabea eta Agerre etxeko jabea.
“D. Evaristo de Echagüe, tesorero honorario del exército y principal de la provincia de Guipúzcoa. Recibí de la villa de Arama por manos de su señor alcalde Jauregui la cantidad de seiscientos treinta reales de vellón”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1811-01-21)
“Desde la Guerra de la Independencia que le enajenaron todos los propios de esta villa, no tiene ningún producto”. (Iturria: Gipuzkoako Agiritegi Historikoa, Arama, 1844)
Udal ondasunen salmentak, udal haziendentzako kalte handiak ekartzeaz gain, gizarte sail handi baten egoera okertzen lagundu zuen (herri lurren pribatizazioa, presio fiskala gehitzea,...). Egoera honek, XIX. mendearen lehen herenean zehar, Gipuzkoako nekazari kopuru handi bat geroz eta jarrera antiliberalagoak hartzera bultzatu zuen.
Karlistadak
Karlismoa izan da Euskal Herriko historia garaikideko mugimendu politiko nagusienetakoa, bete-betean errotu baitzen herritarren artean. Indar handiz hedatu zen eta luzaroan iraun du gainera bizirik. Herri xehean sustraitu zen batik bat, baina eliteari esker zabaldu zen, garai hartako egoera ekonomiko latzak herritarrengan eragindako egonezina ezin hobeto bideratzen jakin zuen elite bati esker, hain zuzen. Karlistek liberalismoa pentsamolde ateoa eta elizaren eta foruen kontrakoa zela esaten zuten.
Lehen Karlistada 1833an hasi zen eta zazpi urte iraun zuen. Karlistek ia Hego Euskal Herri osoa hartu zuten, tartean Arama, hiri handiak izan ezik, horiek liberalen menpe baitzeuden. Bergarako Besarkada edo Hitzarmenak eman zion amaiera Lehen Karlistadari, 1839ko abuztuaren 31n.
Ez dakigu nolako jarrera erakutsi zuten Aramako udal agintariek eta herritarrak gerraren aurrean, aztertu ditugun iturrietan ez baita inolako argibide edo aipamenik azaltzen. Dena den gure uste apalean, gehienak karlismoaren jarraitzaileak izango ziren.
Erretorea bai, hau badirudi karlista porrokatua zela:
“Subdelegación Vigilancia Pública: Bozué. Informe sobre eclesiásticos de Arama. Que Don Martín Antonio Zurutuza Pro Rector y Don José Francisco de Echaveguren, diácono, únicos clérigos de dicha iglesia, gozan de buen concepto en cuanto a su conducta moral y política. Que dicho diácono ganó los cursos de Filosofía, y el dicho rector, si bien yo debo juzgar que tiene la instrucción necesaria para su ministerio es de los más cortos del País especialmente con la latinidad. Que ambos y especialmente el dicho rector ha prestado el servicio del buen ejemplo con su decisión por la justa causa; y tampoco hay inconveniente que yo sepa, para que continuen con los respectivos destinos que ocupan”. (Iturria: Gipuzkoako Agiritegi Historikoa, Arama,1838-10-22)
1868ko iraileko iraultzak, Isabel II.a erregina tronutik kendu eta historiako lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren. 25 urtetik gorako gizaseme guztiei botorako eskubidea onartu zitzaien. Hego Euskal Herriko emakumeak eskubide politikorik gabeko herritarrak izaten jarraitu zuten. Emakumearen bizimodua arlo pribatura mugatzen zen erabat.
1872ko apirilean Bigarren Karlistada hasi zen. Gerra 1876an bukatu zen.
XX.mendea
Bigarren Karlistadan ere porrot egin eta galdu ondoren, karlisten korronte nagusiak 1890. urtearen inguruan beste bide bati ekin zion, hau da, Cerralboko markesa buru zuela, berrantolaketa zibilari eta lege bidezko borrokari ekin zion. Ondorioz, karlismoa doktrina tradizionalistari gero eta gehiago hurbildu zitzaion eta azkenean, Alderdi Tradizionalista sortu zuten 1919an. Korronte ideologiko-politiko hori berehala hedatu zen Araman, eta indar handiz gainera: hamarkadetan udalbatzetan gehiengoa lortu bait zuten.
“Alcalde a Gobernador Civil. Tengo honor de comunicar a U. E. que el día 5 fueron proclamados seis Concejales Tradicionalistas por el artículo 29”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1931ko apirila)
“Alcalde de Arama a Gobernador Civil. Complázcome significar a U.E. que los seis concejales que se compone el ayuntaminento son tradicionalistas así como también la mayoría de la Villa”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1934-08-4)
1931ko apirilaren 14an, Espainian II. Errepublika aldarrikatu zen. Egun berean, Getxoko alkate nazionalistak, Jose Antonio Agirrek, Euskal Errepublika aldarrikatu zuen.
Jose Antonio Agirrek berak zuzendu zuen autonomia lortzeko eratu zen udalen mugimendua. EAJ-PNVko alkateek ezezik, eskuindar katolikoek eta karlistek ere udalen mugimenduan parte hartu zuten. Aramako Udalak ere bai.
“ Y por último se acordó comunicar al Señor Gobernador Civil de la República de Guipúzcoa la toma de posesión y adheriéndose al régimen establecido ofrecer la sincera cooperación, solicitando lo siguiente. Que en este momento histórico en que ha desaparecido el régimen destructor de nuestra libertad política como nación, ante el hecho de la nueva estructuración del Estado Español, este Ayuntamineto, después de afirmar los derechos naturales e históricos que como tal nación le corresponden a Euskalerria, reclama como primer acto de autoderterminación del País Vasco la proclamación de la República Vasca al igual que nuestros abuelos disfrutaron, confederada con las demás Repúblicas Ibéricas. A tal fin, significa su enérgico apoyo hacia quienes en tierra vasca pugnan por el cumplimieto de cuanto en este orden se estableció en el solemne pacto de Donostia, y acuerdan que este acuerdo se trasmita inmediatamente al Presidente del Gobierno Provisional de la República”. (Iturria: Aramako Udal Artxiboa, 1931-04-16)
Oria eta Zaldibia edo Amondarain ibaien eskuineko ertzean kokatzen da Aramako herria, goierriko bihotzean. 1,3 m2ko azalerarekin, Gipuzkoako udalerririk txikiena da, eta populazioari dagokionez txikienetakoa ere, 160 bizilagunekin. Bere kalea zalaigune txiki batean kokatua dago, 169 metroko altueran.
Aramako udal mugartearen lurrak goi-cenomaniense/coniacense garaiko lurretan kokatuta daude, Gipuzkoako zona honetan bereizgarria den eta Angiozar-Olaberria failaren Iparraldean oso hedatuta dagoen flysch faziesa eratuz. Fazies hau, 1.500 metrotik gorako potentzia duena, eskisto-itxurako marga eta margokararriz osatuta dago, eta hauen artean kararri eta kararri hareatsuko maila desberdinak tartekatzen dira. Aramara sartzeko errepidearen ezpondetan flysch-aren estratifikazio bereizgarria ikus daiteke.
Herri honetako lurraldea benetan txikia izan arren, tokiko erliebearen norabideren bat ikus daiteke, esate baterako Oria ibaiaren egungo bidearen gainean altxata dagoen zelaigune bat, beharbada aintzinako erliebe motaren bati dagokiona. Zelaigune honetan daude kokatuta, hain zuzen, hirigunea eta baserri gehienak. Azaleraren labanketako fenomeno txikiak ere ikus daitezke.
Zonarik baxuenetan, Oria eta Zaldibia ibaien ertzetan, flysch-a estaltzen duten aro kuaternarioko depositu alubialen banda bat dago. Depositu hauek potentzia aldakorra dute, baina zaila da 10 metroko lodiera gainditzea, eta legarrez eta harearri heterogeneoez osatuta daude. Material hauen gainean, ibaiaren ibilguak meandro bihurgunetsuak marrazten ditu. Zaldibia ibaiarenak duela urte gutxi desagertu ziren N-1 autobiaren eraikuntzaren ondorioz. Oria ibaiak, bestalde, bere ibilgua lur hauen gainean bitan adarkatzen du uharte bat sortuz. Uharte honen izena Oñarte da, eta oso-osorik Aramako udal mugartean kokatuta dago.
Hidrologiaren ikuspuntutik, Aramak bi ibai garrantzitsu ditu: Zaldibia edo Amundarain eta Oria edo Errekaundi, eta hauek udalerriaren zonarik baxuenean eta bazter batean kokatuta daude. Bi ibaiek udalaren muga eratzen dute. Hauez gain, Aramako lurraldea zeharkatzen duten beste erreka daude: Artzabaltza errekak, 2km2-ko arroarekin, Altzaga-mendiko hegaletako urak biltzen ditu eta, Aramako hiriguneko iparraldetik igaro ondoren, Oria ibaian isurtzen du. Artzabaltza errekak bi ibaiadar txikien urak jasotzen ditu: Legartegierreka, Gaintzarekin muga duena eta Basabeltzeko erreka. Hauetaz gain, hiriguneko hegoaldetik doan Zaldierreka errekastoa eta Amundarainen ibaidarrak diren Loitzagako erreka eta Muñoetaerreka aipatzekoak dira.
Landarediari dagokionez, bi area defini daitezke: gizakia iraunkorki bizi deneko zonetan, hau da, baserria kokatuta dagoen zonetan, belardiak eta labore atlantiarrak daude, zenbaitetan harizti eta baso misto atlantiar txikiekin tartekatzen direnak. Hegoaldeko eta goikaldeko alderdietan, jende gutxiago bizi diren eremuetan, hartiza (Quercus robur), pinua (Pinus radiata) eta beste koniferen sail landatuak nagusitzen dira.
Aramaren berri ematen duen lehen dokumentua 1399. urtekoa da, Ordiziarekin bat egin zuen urtekoa. Beste herri askok bezala, Koroari zegozkion eskubideak ordaindu ondoren 1615. urtean lortu zuen hiri titulua. Urte horretan Altzaga, Gaintza, Legorreta, Itsasondo eta Zaldibiarekin batera Oria Ibaiaren Batasuna (Unión del Río Oria) eratu zuen. 1682. urtean, Aramak Batasuna utzi eta Ordiziaren tutoretza eta babesera bihurtu zen. XIX. mendean, berriz, aipatutako Batasunera itzuli zen, bere 1845. urteko desegitea baino urte batzuk lehenago, eta ordutik aurrera udalerri independiente gisa jarraitu du. Demografiari dagokionez, gaur egun bere 160 biztanleak adin-taldetan eskualdearen gainontzekoaren antzeko moduan banatuta daude, baina adin-talderik altuenen gehikuntza nabarmena ikus daiteke, adin-talderik baxuenen kalterako, hau da, landako udalerri txikietan komunak diren ezaugarriak dituen egitura demografikoa du: populazioaren zahartzea gertakari nagusi gisa, jaiotza-tasaren beherapena eta segmenturik gazteenen emigrazioa.
Hala eta guztiz ere, Araman azpimarragarria da azken hamarkadetan egon den beherapen demografiko txikia, antzeko udalerrietan gertatu den bezala. Horren zergatia Arama eskualdeko hiri-zentroetatik oso hurbil dagoela da, eta horrek biztanleei bertan lan egin eta Araman bizitzen jarraitzeko aukera eman die. Bestalde, biztanleria eliza, udaletxea eta beste eraikinen batek osatzen duten hirigune txiki batean kontzentratuta dago. Populazioaren gainontzekoa baserrietakoa da, udalerrian zehar sakabanatuta dagoena.
Ekonomi iharduerak tamaina txikiko landako udalerri baten ezaugarriak betetzen ditu: okupatuta dagoen populazioa industria, zerbitzuak eta nekazaritzan banatuta dago, ordena horri jarraiki. Nekazaritza-azalera erabilgarria udalerriaren %42 da, eskualdearen batezbestekoa baino %9 handiagoa eta lurra lantzen duen populazioarena baino %18 handiagoa. Hala ere aipatu beharra dago, populatzearen ezaugarriak kontutan izanik, egun-zatirako nekazaritzaren fenomenoak Aramako familien gehiengoa ukitzen duela.
1858. urtean paper-fabrika bat ezarri bazen ere, industri establezimendu hau itxi egin zen, eta duela gutxi arte ez da horrelako besterik egon. Hori hala izanik ere, populazio aktiboaren gehiengoak sektore honetan egiten du lan, horretarako inguruko fabrika-guneetara bertaratuz (Ordizia eta Beasain batez ere).
Ondareari buruz, aipagarria da San Martin parroki-eliza, berriztatze asko jasan zituen ermita baten gainean eraikia. Hirigunean bertan Apaizetxea eta Iriarte baserria daude. Hirigunetik kanpo, Iturriotz baserria, arkitektura tradizionaleko eredu adierazgarria, eta Mendizabal baserria, Ama Birjinaren XIV. mendeko taila bat gorde izan duena, dira eraikinik azpimarragarrienak.
Oria ibaiaren ertzean Ibaresko errota dago oraindik, tradizionalki Errege Bidetik (gero 1-Nazionala errepidea izan zena) Aramarako sarrera izan zen izen bereko zubitik oso hurbil. Ibarestik gora beste errota bat bazegoen, argindar zentrala izandakoa ere, baina bere aurriak desagertu ziren autobia eraiki zenean.
Azkenik, Alkarteko zubia aipatu behar da. Arama eta Ordizia lotzen zuen bide nagusia zubi garrantzitsu honetatik igarotzen zen. Modu berean, Altzaga, Gaintza eta Baliarraingo bideak hemendik hartzen ziren.
Hedaduraz Gipuzkoako Udalerririk txikiena bada ere, herri independientea da, bertako biztanlego kopurua lan honetan azaldutako edozein auzotakoa baino urriagoa delarik.
1682an berrirotik uztartu zitzaion Ordiziari, onura handiagoak eskuratu asmoz. Azkenik XIX. mendean eta Ordiziarekin hainbat sistra izan ondoan Oria ibaiaren Baturara itzuli zen, bertako Parrokiak, Aramako San Ordizia moduko gune garrantzitsuak oso gertuan izan arren, ingurualdeko geografia baldintzek lagundurik jakina, eutsi egin dio berezko nortasunari.
Aramako udalerria Arriguntzagaña mendi hegaletan zehar zabaltzen da. Iparraldean ltsasondo du mugakide, hegoaldean Zaldibi, ekialdean Altzaga eta mendebaldean Ordizia. 1939an Oriaren ibarreko beste herrigune batzurekin batera Ordiziari itsasten zaion arte, nekez zehatz daiteke ordurarteko estatus historikoa.
Bandoen Guduek eragindako gizarte eta politika mailako egoera aldabera zela medio, XIV. mendean legezko nortasun eta aginpide politiko nagusiagoa zuen hiri-entitate baten babesera bildu zen; Batura agiria Enrique III.ak 1402an egiaztatu zuen eta Errege-Erregin Katolikoek 1492an. Batura honek ez dakar ez lurralde murriztapenik, ez ekonomiazko menpetasunik ere. Ezegonkortasun aldia igarota hasi ziren Ordiziarekiko aldeak. 1615eko otsailaren 13an Erret Ogasunaren kutxek zuten egoera zailaz baliatuz eta 5.445 erleko ordaindu ondoren, hiribildu titulua eskuratu zuen. Administrazioa guztiz autonomoa duelarik, Aramak, Altzaga, Gaintza, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibiarekin batera Oria ibaiaren Batura osatu zuen; batura honek 1615az geroztik se¡ hiribilduak apoderatu bakar baten bidez batera ordezkatzen zituen Probintziako Biltzar Nagusi eta Partikularretan. San Martinek, jarraitu zuelarik bilera-egoitza izaten.
Arama Bozue Txiki Baturaren kide izan da, Enirio-Aralarko mendietako ganadutza eta baso ustiapenerako sorturiko mankomunitatea. Ehunen bat etxek osatutako gune nagusia Orioko ibarra besarkatu duen gai- Enaldean lekutzen da. Lekuaren izaera estrategikoa indartuaz erreka-gurutze txiki bat dago.
San Martin Parrokia da herriskari nortasuna ematen diona. Baseliza zahar baten lekua betetzen du, egungo itxura hartu arte behin eta berriz berritu eta handitua izan dena. Parrokian dagoen Ama Birjinaren taila da antzinatik jasotako argibide bakarra. Elizetxea oinplano angeluzuzenekoa da, erdi-kainoiko gangaz estaliriko nabe bakarrekoa. Portada nagusia arku beheratu baten pean zabaltzen da eta kanpandorrea du. Apaizetxea, Eliza eta lriarte baserriaren alboan lekutzen da eta arestian aipaturiko gune nagusi horren osagarri da. Hemendik gertu, baserri-arkitekturaren adierazgarri bikain den lturrioz baserria dugu. Aranean, trenbideak, N-1 errepideak eta Oria ibaiak ia erabat estaltzen dutelarik Ibares Errola gordetzen da. Errege Bidetik Aramara sartzeko zegoen zubi ondoan dago kokatua. Hiru begi ditu, erdikoa puntu-erdiko arkukoa eta alboetako biak arku beheratukoak.
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992. urtean argitaratutako 'Gipuzkoako Gidaliburu Historiko Monumentala'.